URTEKO HAMAHIRUGARREN  IGANDEA

C

Lehen irakurgaia

                  
     ( Elizeok denak uzten ditu Eliri jarraikitzeko )

         Erregeen  lehen  liburutik                              19, 16b.19-21
           
            Jaunak erran zion Eliri:
16        “ Kontsekra zazu Elizeo, Xafaten semea, zure ondoko profeta.”
19        Eli joan zen.
            Eta Elizeo, Xafaten semea aurkitu zuen  iraulden.
            Bazituen hamabi golde iraultzeko, eta hamabigarrenean zen.
            Eli haren ondotik iragan zen, eta soingainekoa bota zion gainera.
20        Elizeok, orduan, idiak utzi zituen,
Eliren ondotik joan zen lasterka eta erran zion:
            “ Utz nezazu aitari eta amari musu emaitera,
eta gero jarraikiren nizaitzu.”
            Elik ihardetsi zion:
“ Zoaz, itzul gibelerat; ez dut deus egin.”
21        Joan zen Elizeo, idi-parea hartu eta oparitzat hil zuen;
uztarriaz sua egin, haragia erre eta jatera eman zion jendeari.
            Gero xutitu zen, eta Eliri jarraiki zitzaion,
eta haren zerbitzuko jarri zen.
           

 
Eli eta Elizeo Testament Zaharreko bi profeta handienetarik dira. Heien predikuak emanak dira Erregeen liburutan. Bi hitz liburu horietaz. Lehenbiziko begi kolpean iduri dute historia liburuak. Bortz mende Jesu Krixto aintzin kondatzen dituzte, Iparraldeko eta Hegoaldeko bi leinuen historia, zeren Salomonen erresuma izan baitzen bi parte zatitua: Iparraldekoa deitua Izrael erresuma, Hegoaldekoa Juda erresuma.
Bainan, egia erraiteko erregeen liburuak ez dira historia liburuak, hala nola  oraiko historia liburuak bezala, gauzak  diren bezala kondatuz. Heien xedea ez da hori, bainan Jainkoari buruzkoa. Nahi daukute erran zoriona ukanen dugula, Jainkoak eskaini batasunari leial egonez. Hori dute erraiten eta errepikatzen.
Preseski, liburu horiek aipatzen dituzte bi erresuma horietan izan diren hitz-jateak, erregeetaz gaizki gobernaturik, eta beti zorigaitzetan: gerlak, etsaigoak, zuzengabekeriak. Gertakari horiek argitan emaiten dute Jainkoaren manamendua errespetatzen dugularik ereiten dugula zuzenbidea eta bakea. Aldiz, Jainkoaren eta haren manamenduen ahaztea,  zuzengabekeriaren  eta indarkeriaren ereitea dela.
Elik eta Elizeok, bat bestearen ondotik, 9 mende Jesu Kristo aintzin, eman zituzten beren biziak eta indarrak populuari egiazko Jainkoaren ezagutarazteko. Igande huntan irakurtzen dugu Elizeoren bokazionea: «Jainkoak erran zion Eliri, kontsekra zazu Elizeo, Xafaten semea, zure ondotik jinen dena ». Testo hunek nahi dauku erakutsi Jainkoak berak hautatua duela Elizeo eta hau dela Eliren ondokoa.
Elizeo iraulden ari da. Lehen oharra :  egun guzietako lanen erdian deitzen du Jainkoak. Testament zaharreko  gizon handiak deituak izan dira egun guzietako lanetan zirelarik. Mois, David eta Amos deituak izan ziren artzain zirenean . Gedeon ogi joiten ari zen, Samuel lo zagon, Saul bere aitaren astoen bila joana zen. Gauza bera gertatzen da Testament Berriko gizonendako. Matiu aduanako bulegoan zen eta bertze dizipuluak arraintzan zirelarik deituak izan ziren.
Testoak segitzen du erranez : « Bazituen hamabi italdi iraultzeko eta hamabigarrenean zen ». Beti, hamabi zenbaki horrek osotasuna erran nahi du, eta Elizeo hamabigarrenean da, beraz lana bururatua du. Lehengo bizia ere, orai bertze bizi bat hasten du. « Elik soingainekoa bota zion gainera » eta Elizeok berehala ulertu zuen jestu horrek zer erran nahi zuen. Soingainekoa Elizeoren gainera botaz, Elik gomitatzen du mezuaren zabaltzera harekin. Orduan, Elizeok idiak uzten ditu eta lasterka joaiten da Eliren ondotik eta erraiten dio : « Utz nezazu aitamen besarkatzera eta gero jarraikiko nitzaizu ». Badaki egiazki deitua dela bainan hartzen du denbora bere eginbideen betetzeko : aita eta ama agurtuko ditu eta azken aldikotz heiekin janen. Elik errepostu : « Zoaz, itzul gibelerat ; ez dut deus egin » . Ateraldi horrek harritzen gaitu ;  zonbaitek uste dute kexu dela. Egia erraiteko Elik ez du hartu soinekoa : Jainkoak emaiten duelarik, emaiten du dolurik gabe. Elik Elizeori orroitarazten dio libro dela, denbora berean ulertarazten ere, onartzen badu hautua, geroari  buruz itzuli behar duela, denak utziz.
Testoak erraiten dauku zonbait hitzez bi gizonek elgar aditu dutela. Askatasun handienean Elizeok despedidak egin ditu eta haren jestua adierazkorra da : idi-parea hiltzen du, uztarria erretzen, eta apairu bat emaiten etxeko guzieri. Ez du gehiago deusik , Eliren mutil izanen da Jainkoak nahi duenarendako. Erran nahi dauku haustura bat egin duela lehengo biziarekin bortxurik gabe,  familiarekin eta adixkideekin bakean.
Gero Eli zerurat alxatuko delarik, Elizeok bilduko du haren soinekoa. Erraiteko manera da Eliren mezuarekin beztitua izanen dela. Jondoni Paulok irudi bera erabili du konprendiarazteko Jesu Kristoren mezuan parte hartu behar dugula :            « Zuek, Jesu Kristoren baitan bataiatuak izan zireztenek, Jesu Kristo jauntzi duzue ».
 

Salmoa 15

          

            Leloa :  Zu zaitut, Jauna, ontasuna !
           
            Zaude nere zain, Jainko Jauna: Zuri bainago, zuri dena.
            Zu zare bai zu, nere Jauna: Jauna, zu zaitut ondorio
           
            Nik zer eskerrak Jainkoari: Betitik baitut aintzindari.
            Bihotza daukat gauaz ari: Hago Jaunaren erranari!
           
            Biziko urrats guzietan Jauna dut beti aintzinean.
            Egoiki baitzait eskuinean, Nork nau joko ni, nork sekulan.
           
            Bihotza dut nik lorietan, Zer boza dudan nere baitan!
            Gorputza ere zer bakean, Pausatuko zait hilobian
           
            Nere arima duzulako  Zuk ifernutik aterako.
            Zure den huni ez etzaio Bere gorputza ustelduko.
           
            Bizirat nauzu lagunduko, Gozo nasaiez han beteko.
            Zure ondoan zuhauri so, Zer zoriona sekulako.

Salmo hunek levitar bat aipatzen dauku. Levitarrak ziren Jerusalemeko Tenploaren zaintzaleak gau eta egun. Huna salmoak zer erraiten duen: Jauna zu zaitut ondorio ». Berset horrek jakitera emaiten dauku, levitarrek parte berezia ukan zutela Paleztina leinuen artean zatitu zutelarik. Levi, Jakoben hirugarren semearen leinuak ez zuen lur zatirik ukan ; levitarren zatia Jainkoaren etxea zen. Haren zerbitzuko izan behar zuten bizi guzian, ez zuten beraz nihundik mozkinik. Heien saria zen bakarrik, orai erran ginezaken bezala, apez-paga. Levitarren estatu berezi horrek argitan emaiten du ere nola Jainkoaren populua hautatua izan zen bertze populu guzien erdian, Jainkoaren zerbitzuko.Biblia gauza bera erran eta erran ari da, zendako? Jainkoak hautatua izaitea bat baita, beste bat araberan bizitzea. Hautu horrek baditu bere zailtasunak. Elizeok  hautua egin behar ukan zuen, burua gibelerat itzuli gabe, Elik dei egin ziolarik. Ber gisan Jainkoak hautatu populuak egin ditu hautuak uko eginez ainitz aldiz tentamendu guzieri, batasunari leial egoiteko. Eli eta Elizeoren borrokek erakusten daukute Jainkoari leial egoitea  neke dela. Orroit Eliren borroketaz jainko faltsuen kontra.
Konprenditzeko, behar ginuke orduko jendearen pentsa-moldeetan sartu. Bixtan da, orai guretako, Jainkoa bakarra dela errex da erraitea, bainan Moisen denboran eta ere Eli eta Elizeoren denboran, nehork ez zuen aipu Jainko bakarrik. Izrael populuak bazuen bere Jainkoa eta bertzeek berenak.  Ondoko erresumetako erregeekin hitzarmen batzu egiten zituzten Israelgo erregeek, hala nola  printzesekin ezkonduz. Hauek dote gisa ekartzen zituzten beren jainkoen irudiak. Baziren ere Baal jainkoaren apezak, haren profetak ( hori gertatu zen Achab, Izraeleko erregea, ezkondu zelarik Jezabel, Sidoneko erregearen alabarekin).
Hastapenetan Profetek ez zuten gerla egiten jainko faltsueri, heien borroka zen Izrael populuari orroitaraztea behar zuela leial egon bere Jainkoari. Berantago ohartuko dira, Izraelen Jainkoa populu guzien Jainkoa dela.Hori irakurtzen dugu Jonasen liburuan, lehenago ezin asmatuzkoa zena.
            Izraelen Jainkoa zorrotza da : anitz galdegiten du. Hitzemaiten dio populuari askatasuna eta zoriona, bainan ordainez, debekatzen dio bertze jainkorik  eta heien irudirik ukaitea. Salmo hunek erakusten dauku zer guduka egin behar duen Izraelek egiazko fedeari leial egoiteko : «Zu zare bai zu, nere Jauna: Jauna, zu zaitut ondorio ».
Salmo huntan ez da aipu piztea. Ezin asmatuzkoa zen orduan. Ainitz berantago jin da piztearen esperantza, Jesu Kristo aitzineko bigarren mende aldean. Populuak badaki Jainkoak ez dituela sekulan utziko debalde. Bixtan da, orai, zonbait menderen buruan, azken pertsuak zorionezkoak dira: «Bizirat nauzu lagunduko; Gozo nasaiez han beteko. Zure ondoan zuhauri so, Zer zoriona sekulako. Ez duzu utziko zure adixkidea ustelzera. Zure aintzinean zoriona! Eskuinean, betiko atsegina! »
         

Bigarren irakurgaia

     ( Izpirituak, haragiaren kontra ariz, libratzen gaitu )

         Jondoni  Paulok  Galaziarreri                   5, 1. 13-18
           
            Haurrideak,
1          libre izaiteko libratu gaitu Kristok.
            Beraz iraun sendo, eta ez jar berriz esklabutzaren uztarripean.
13        Zuek, haurrideak, libertaterat  deituak izan zirezte.
            Bainan libertate hori ez bekizue  aitzakia izan
zuen gutizia tzarren arabera bizitzeko;
aitzitik,  maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari.
14        Zeren lege osoa betetzen baita manamendu bakar hau betez:
            Maita zure lagun hurkoa zure burua bezala.
15        Bainan elkarri ausikika eta elkar iretsi beharrez  ari bazirezte,
kasu : azkenean elkar suntsituko duzue.
16        Beraz, hau diozuet:  bizi zaitezte Jainkoaren Izpirituaren arabera,
eta ez  zirezte haragiaren gutizieri jarraikiko.
17        Alabainan, haragiaren gutiziak Izpirituaren kontrakoak dira,
eta Izpirituarenak  haragiarenen kontrakoak.
            Bi indar horiek elkarren kontra dabiltza,
horrengatik ez baituzue nahi zinuketena egiten.
18        Izpirituak gidatzen bazaituzte, ordea,
ez zaudezte Legearen menpean.
           

Jondoni Paulo judua da eta libertaterat ekarria. Herria Egiptoko esklabotasunetik libratua izan zen. Mendez mende populu horrek gogoetak egin ditu libertate horren handitasunaz : erakusten daukute gizona arras gizona dela libertate osoan jartzen delarik bertzeen zerbitzuko.
Jondoni Paulok letra hau Galaziako girixtinoeri igortzen diote. Grekoen artean, esklabutza oraino bizi da: nausiak mutila erabiltzen du gauza bat balitz bezala. Pauloren denboran, nausia ez bazen kontent esklabo batez, saltzen zuen gauza bat bezala bertze nausi bati. Horra zendako Paulok testo guzian aipatzen duen esklabutza hori. Paulorendako, Jesu Kristo da erakusbide berezia : gizonaren libertatea eta haren girixtinotasuna. Jesu Kristok du “libratu” gizona. Paulok badaki arras ongi, libertateaz mintzo delarik ez dela aise hartarat heltzea : « Libre izaiteko libratu gaitu Kristok» edo : « Libertaterat deituak izan zirezte ».
Izkirioz bi zutabe egiten baginitu, Paulok zonbait aldiz  egiten duen bezala, bat libertatearena eta bertzea esklabutzarena, lehenbizikoan  idatz ginezake :  Jar zaite bertzeen zerbitzuko, amodioz;  eta bigarrenean :  berekoitasunean bizi zaitezte ; horien bien artean nun ezar muga ? Paulorendako, egiazko libertatea ez da uste duguna. Nahi badugu bertzea lagundu, hautu hori egina izan behar da libertate osoan, Izai eta Jesu Kristok egin duten bezala.
Ikusten dugu Pauloren hitzek oihartzun egiten duela Joaniren hitzekin : « Ez dautate hartzen  bizia, emaiten dut neure baitarik ». Hala nola, Markek erraiten du : « Gizonaren semea ez da jina zerbitzatua izaiteko, bainan zerbitzatzeko » Lau ebanjelioek zazpi ahalak egiten dituzte ezagutarazteko Jesu Kristo izan zela kondenatua, joa, libertate osoan, eta burregoak beren itsumenduaren jostagailu izan zirela.
Paulok itxura azkarrak erabiltzen ditu berekoitasuna gaitzesteko: « ausikika eta elgar iretsi beharrez ari bazirezte, kasu ! azkenean elgar suntsituko duzue ».Elgar maitatzeko eginak zirezte ; amodioak bakarrik zaituzte alxatuko. Bizian, baditugu beti bi bide. Paulok erraiten dauku : « Egon azkar, ez har esklabutzaren usaiak ». Bizi guzian behar dugu atxiki izpiritua argi. Ibiltzen gira bide batetik bertzerat. Ez gira egoiten behin betikotz alde batean, izpiritua flako dugulakotz. Iragaiten ditugu urteak, usaia on baten hartzeko, Jesu Kristoren Izpirituaren arabera bizitzeko.
Azken erranaldiak hau dio : « Izpirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudezte Legearen menpean ». Galaziako juduek betetzen dute Legea haren esklabo balira bezala. Paulok aldiz nahi du legea izan dadin amodiozko legea, erraiten duelarik:« Legeak kausitzen du bere betea manamendu bakar batean: Maita zure lagun urkoa zeure burua bezala. Izpirituak gidatzen bazaituzte ez zirezte legearen menpean izanen» . Amodioa den tokian ez da Legearen beharrik.
     

Jesu  Kristoren  Ebanjelioa  san  Luken  liburutik          9, 51-62


 51        Mundu huntarik eremana izaiteko garaia hurbiltzen ari baitzitzaion,
Jesusek Jerusalemerako bidea deblauki hartu zuen.
52        Mandatariak bere aitzinean igorri zituen;
joan ziren eta Zamariako herri batean sartu,
Jesusi  denak prestatzeko.
53        Bainan ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemerat zoalakotz.
54        Hori ikusirik, Jakobe eta Joani dizipuluek erran zioten:
“ Jauna, nahi duzu suari mana diezogun
zerutik jauts dadin eta erre ditzan?”
55        Bainan Jesusek, heienganat itzulirik, erasiatu zituen.
56        Eta beste herri baterat joan ziren.
57        Bidean zoatzilarik, norbaitek erran zion Jesusi:
“Noranahi jarraikiko nitzaitzu.”
58        Jesusek erran zion:
            “ Azeriek badituzte ziloak, eta zeruko hegaztiek kafiak;
gizonaren Semeak, aldiz, ez du burua non ezar.”
59        Beste bati erran zion:
“ Jarraik neri.”
            Harek ihardetsi:
            “ Utz nezazu joan nadin lehenik aitaren ehorztera.”
60        Jesusek erran zion:
“ Utz hilak beren hilen ehorztera.
            Zu, zoazi Jainkoaren erreinuaren berri emaitera.”
61        Beste batek, berriz, erran zion:
“ Jarraikiko nitzaitzu, Jauna,
bainan utz nezazu lehenik etxekoeri agur egitera.”
62        Jesusek ihardetsi zion:
“ Goldeari lotu eta gibelerat behatzen duena
ez da on Jainkoaren erreinurako.”

Gertakari ainitzen ondotik, hala nola: ogien ugaritzea, Petriren fede aitorpena Mesiasi buruz, Jesus bera Pasioneaz mintzo, Jesusek oraino argitzen dauku bere mixterioa.
Lehenik, Jerusalemerat joaitea: « Hurbiltzen ari baitzitzaion mundu huntarik eremana izaiteko garaia, Jesusek hartu zuen deplauki  Jerusalemerako bidea ». Zamarian pasatzean  herri batek ez du errezibitu nahi Jesus, Jerusaleremerat doalakotz. Hortakotz dizipuluek nahi dute gaztigatu herri hura, zeruko suari dei eginez, bainan Jesusek erasiatu ditu.
Herra bazen Jerusalemeko et Zamariako jendeen artean ainitz mende hartan. Jesusek nahi ukan du halere Zamariatik pasatu. Eta hor bertze erabaki bat behar du hartu. Dizipuluek erraiten diote Eli profeta handiak suntsitu zituela Baal jainko falsuaren profetak, sua igorriz. Bainan, Jesus Eli baino gehiago da, eta  amodioa delakotz,  ez du indarkeriaz nausitu nahi ukan.
Badoatzilarik, norbaitek erraiten dio Jesusi : « Norat nahi jarraikiko nitzaizu ». Jesusekerrepostu : « Azeriek badituzte ziloak, xoriek kafiak, Gizonaren Semeak, aldiz, ez du burua non ezar ». Hemen, kontraerran baten aitzinean gira, Danielen liburuak erraiten dauku, gizonaren semea jende ospetsua dela, zerutik etortzen dena, Jainkoak errege egina. Bertzalde, Jesusek bere burua hala dauka eta, huna nun, hemen, bizi den pobreki, Zamariako hiriak bazterrerat emanik. Egungo egunean erran ginezake « etxerik gabea » dela. Iduri du basamortuko tentazionea. Danielek mezutzen du Mesiaren garaipena, bainan lur huntan bizi da pobrezian, umiltasunean.
Norbaitek buruz buru egiten du Jesusekin, eta hunek erraiten dio : « jarraik neri ». Gizonak ihardesten : « utz nezazu joan nadin lehenik aitaren ehorzterat ». Jesusek errepostu : « Utz hilak beren hilen ehorzterat. Zu, zoazi Jainkoaren erresumaren berri emaiterat ». Juduen legearen arabera, burrasoen errespetua eta heien ehorztea eginbide ziren, bainan Jesusek menturaz nahi dauku erakutsi, Jainkoaren erresumaren mezutzea aitaren ehorztea baino eginbide hertsiagoa dela. Hiru gizonetarik hunek ez dio deus galdegin, Jesusek du deitu. Amodioz deitzen du, eta maitatzen delarik uko egin behar da ainitz gauzeri. Beti, bizian, hautu bat egin behar da.
Gizonak erraiten dio : « Jarraikiko nitzaitzu Jauna, utz nezazu lehenik etxekoeri agur egiterat » Eliseori pentsatzen dugu hitz horien irakurtzean ; harek ere nahi ukan zuen agur egin etxekoeri eta Elik ulertarazi zion behar direla estekak hautsi. Hemen irakurgai huntan gauza bera da ; Jesusek erraiten du : « Goldeari lotu eta gibelerat behatzen  duena ez da on Jainkoaren erresumarendako ».
 Hildoa zuzen egiteko ez da gibelerat so egin behar. Jesusek erran zahar hori errotik bere gain hartzen du. Ez dezagun ahantz, Jerusalemerat badoala, erran nahi baita Pasioneari eta kurutzeari buruz, uzten duela etxeko goxotasuna eta hautu bat eginez geroz behar dela joan bururaino.

Orrialde gainerat itzul.
Prestakuntza izpiritual orrialderat itzul.
Itzul ongi etorri orrialdera